Duela urtebete pasatxo Urbasa Andia Bizirik Plataforma sortu zen, Green Capital enpresa (Etxauri inguruan Kresada parke eolikoa izapidetzea eskatu zuen enpresa bera) gure udaletxeetan izan zela jakin genuenean. Honako udal hauetan izan zen: Abarzuza, Allin, Ameskoa, Gesalaz, Lezaun eta Deierri. Enpresak mega parke eoliko bat eraiki nahi zuela adierazi zuen, (ez galdetu) aipatutako udalerrietako lurralde osoan zehar (hau da, Urbasa-Andia parke naturalaren hego magalean, Lokiz-tik Etxaurira.
Eta ez zen gehiago jakin abuztuaren 20ra arte. Orduan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean Lezaunen eta Iturgoyenen 52 MWko “Aldane parke eolikoa” eta Lezaundik Orkoienera ebakuatzeko azpiegitura jendaurrean jarri zen.
Gure iritziz, kaltetutako herrietako bizilagunak garen aldetik, enpresaren asmoa argia da: parkea zatitzea, parkea eraikitzeko faseak apurka-apurka aurkeztea, proiektu osoak ingurumenean dituen benetako inpaktuak txikitzeko eta, batez ere, proiektuari aurka egiteko sortuko zen oposizio publikoa txikitzeko.
Baina, argi dago. Ez dute lortu!
Ez dute gu banantzea lortu; are indartsuagoak egin gara eta gaur hemen elkartu gara horixe bera ikustarazteko. Lizarrerriak argi eta garbi utzi du. Udalek, kontzejuek, elkarteek eta bizilagunek 5000 alegazio baino gehiago aurkeztu dituzte. Eta orain eskatzen duguna zera da: Madrilek, Ministeritzak, gure deiadarra entzun eta behin betiko errefusatu dezala enpresak egin duen proposamena. Eta Nafarroako Gobernuak, geldiarazi dezala behingoz egun bizi dugun espekulazio burbuila.
Asko dugu jokoan. Landa eremuan bizitzearen alde egin dugunon oraina eta etorkizuna jokoan dago.
Eta are gehiago, planeta honetako bizitzaren iraunkortasuna bera ere jokoan dago. Horrexegatik bildu gara gaur hemen, mega proiektu depredatzaile hauei “ez” esateko, EZ energia espekulazioari, EZ gure herrietako lur komunalaren pribatizazioari, EZ guztion ingurumen ondarearen suntsipenari.
Eta ez hori bakarrik, premiazko trantsizio energetikoa eskatzeko; pertsonak erdigunean jarriko dituen trantsizio energetikoa, ez enpresa pribatu horien interes espekulatiboak, lurraldea eta bertan bizi garenak kontuan hartuko dituena; trantsizio energetiko antolatua, planifikatua, bidezkoa eta demokratikoa.
Berriztagarriak bai, baina horrela ez!!